XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Etikoaren dialektika isilarazi batek, gainera, post-historiaren itxura sortzen du. Eta hau produkzio-indarren handitze batek ondorio askatzaileen soberakin potentzialik eo ipso ez dakarrelako gertatzen da, soberakin-potentzial hauen bidez egungo menerapen-egoeraren legitimazioa hauts daiteke eta.

Izan ere, orain produzio-indarrik handiena, hots, kontrolpeko garapen zientifiko-teknikoa bera, legitimazioaren oinarri bilakatzen da. Baina, hala eta guztiz, legitimazio forma berri horrek galdua du ideologiak zeraman forma zaharra.

Horrela, teknokrazi kontzientzia, batetik, ez da aurreko ideologia guztiak bezain ideologikoa, ez baitu interesak lortzearen itxura baina interes horiek lortu gabe egiten duen lausoaren botere argikaitza.

Baina, bestetik, azpiko ideologia, halamoduzkoa izan arren gaur nagusi dena eta zientzia fetitxe bihurtzen duena, ideologia zahar guztiak baino erakargarriagoa da; izan ere, arazo praktikoak ezabatzearekin batera, klase jakin baten menerapen-interes partziala justifikatu eta beste klase baten emantzipazio-behar partziala gutxitu ez ezik, espeziearen beraren emantzipazio-interesari ere eragiten baitio.

Teknokrazi kontzientzia ez da nahikeriazko fantasia razionalizatu bat, ez da Freudek ilusio bat deituko lukeena, ez baita elkar-ekintzen harreman batzuetan eraikitzen edo oinarritzen. Oraindik bazegoen ideologia burges guztiak elkar-ekintzazko forma zuzen eta menerapenik gabeko batera ekartzerik, eta litekeena zen halako erabakia alde bientzat onargarri izatea ere.

Ideologia hauek errepresioak murriztu izandako gerorako nahikunde baten irizpideak eta komunikazioaren bidez desioekin asetutako satisfazioa betetzen zuten, nahiz eta, beste garai batean gizarteko instituziozko euskarriak kapitalarekin batera ezartzen zuen botere-erlazioak galdua zeukan bere izena.

Jadanik, zatitutako sinbolo eta motibo oharkabekoen kausalitatea, sasi-kontzientzia eta ideologi kritikari dagokion gogoeta-indarraren sortzailea berau, gaur ez dago kontzientzia teknokratikoaren menpean. Honek gogoeta-alde gutxiegi eskaintzen ditu, honez gero ez delako ideologia bakarrik.

Bizitza zoriontsuaren proiekziorik ez du adierazten jadanik, eta proiekzio hau ez bada errealitate txarrarekin identifikatzen ere, berarekin harreman egoki batean jar daiteke. Ez dago dudarik, hala ideologia berria nola zaharra, baliogarri direla gizarte-bizitzaren euskarri diren oinarrien tematizazioa galarazteko.

Garai batean, kapitalista eta soldatapekoek gauzatzen zituzten harremanen menpe botere soziala aurkitzen zen; gaur, aldiz, sistemen iraupena aldez aurretik definitzen dutenak egituren baldintzak dira; hau da, masaren atxikimendua sortzen duen forma, ekonomia pribatuko kapitalen birbaloraketaren forma eta konpentsazio sozialen banaketaren forma politikoa, hain zuzen ere. Hala ere, badituzte bi alde bereizgarri ideologi zaharrak eta berriak.

Alde batetik kapital-erlazioa, leialtasuna lortu ahal izateko banaketa forma politiko bati lotua dagoena, gaur ez da esplotazio eta errepresio zuzenkaitzen oinarri. Klase-antagonismo iraunkor horren birtualizazioak zera suposatzen du.